Historia
ITURRAMA BHIren historia laburra
1986-87ko ikasturtean ITURRAMA Batxilergo Institutua sortu zen. Urte haietan Nafarroako Gobernuak ez zituen oraingoz Irakaskuntzaren eskumenenak eskuratu. ITURRAMA Batxilergo Institutuaren sorrera, beraz, Ministerioaren Ordezkaritzaren ardura izan zen.
Bigarren Hezkuntzan euskaraz zegoen eskaintza, ia %100a, pribatua zen, ikastoletakoa hain zuzen. Eskaintza publikoaren beharra gizartearen premiazko eskaera bihurtu zen eta eskaera honi erantzuteko asmoz Iturrama Institutuak euskarari ateak ireki zizkion eta Iruñerrian, Irubiderekin batera, euskaraz egin zen lehenbiziko eskaintza publikoa ikastetxe honetakoa izan zen.
Hasiera batean ikastetxean “G” eta “D” ereduko irakaskuntzan aritzen zen, alde batetik gaztelaniaz soilik eta bertze aldetik euskaraz, gaztelania irakasgaiarekin, aritzen ziren, bai ikasleriak eta bai langile guztiek ere ikastetxe bakarra osatzen baitzuten.
1995-96 ikasturtean bi hizkuntza ereduak bereizi ziren eta gure ikastetxea “D” ereduko Bigarren Hezkuntzako Institutu izendatu zuten. Egun gazteei euskaraz egiten zaien hezkuntza eskaintza 12 urtetik 18etara luzatzen da, hau da, DBHko bi zikloak gehi hiru batxilergo mota: Arteak, Natur eta Osasun Zientziak, eta Giza eta Gizarte Zientziak, ibilbide guztiekin. Eskaintza honek duen berezitasuna Arte Batxilergoan datza, Nafarroa osorako euskaraz dagoen eskaintza bakarra baita. 2007-2008. ikasturtetik aurrera institutuak aniztasun kurrikularreko taldeak ezarri ditu, DBHko 3. eta 4. kurtsoetan, non ikasteko zailtasunak dituzten beste ikasleak ere dauden.
2012-2013 ikasturte honetan gure 679 ikasleei arreta ematen 66 irakasle, 3 atezain, 2 administrari eta mantenurako tekniko bat ari dira lanean.
Horniduraren aldetik ITURRAMA Institutuak dituen baliabide materialak zein langileen prestakuntza etengabe hobetzen ahalegintzen gara eta helburu honekin zenbait kalitate proiektutan aritu eta ari gara azken urte hauetan, honen ondorioz gure ikasleei kalitatezko formazioa ematen saiatzen gara.
Ohiko ikasgelak izateaz gain fisika eta kimika laborategia, biologia eta geologia laborategia, bolumen gela, teknologia tailerra, marrazketa tekniko gela, marrazketa artistiko gela, plastika gela, hiru informatika gela, gimnasioa eta areto nagusia ditugu. Era berean bi informatika gela mugikor eta ikus-entzunezko baliabide ugari ditugu (proiektore-ordenagailuak, DVD-TB,...). Gainera, 25 gelatan proiektoreak daude.
2002 eta 2003 urteetan EFQMko “Europar kalitatea” zigilua jaso genuenez geroztik kudeaketa esparruan etengabeko hobekuntza prozesuari ekin diogu. Horrela ISO agiria 2004an lortu genuen, ordutik hona urtero berritu duguna eta urte honen hasieran Hezkuntza Departamenduak bere Eskola Bikainaren zigilua ere eman zigun. 2007. urtean Nafarroako Gobernuko “Nafarroako Administrazio Publikoetan Zerbitzu Publikoen Kalitaterako I. saria”n brontzezko domina lortu genuen.
2007. urtean eta legediak Nafarroako Administrazioko erakundeei eskatzen dienari aurrera hartuz, Konpromiso Gutuna argitaratu genuen. Honekin gizarte osoari eta bereziki institutuko eskola komunitateari gure ekimenetan gero eta hobeto aritzeko geure buruari jarri dizkiogun konpromisoak azaltzen dizkiogu.
Gure helburua egunetik egunera hobetzea eta zuen seme-alabei kalitatezko irakaskuntza eskaintzea izanik, hainbat eta hainbat dira eskuartean ditugun proiektuak:
- ISO 9001en egiaztapena eta kudeaketa sistemaren sinplifikazioa
- Hizkuntz ofizialetako tituluak: Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetza (euskara, ingelesa, frantsesa).
- Aniztasun kurrikularreko taldean “Empresa Joven Europea” (eskola kooperatiba) Proiektua.
- Ahozko iturriak proiektua historia lantzeko (GOGOAN)
- Elkartrukeak: Boloniako Laura Bassi (Italia) eta Pabeko Saint Jonh Perse (Frantzia) ikastetxeekin.
- Berrikuntza proiektua: Oinarrizko gaitasunak lantzeko ikas unitate integratua: giza eskubideen aldarrikapen unibertsala eta honen urraketa
- Teknologia berrien proiektuak: Web orri berria, Ikastetxeko aldizkari digitala (blogak) eta dokumentazioa zein komunikazioa kudeatzeko ATRIUM zerbitzaria .
Ikus-entzunezko proiektua: eskultura publikoa Iruñeko parkeetan.